Garbitzaile anonimoak

Gero eta argiago dago aldaketa klimatikoa errealitate bat dela eta gure artean bereak eta bi egiten ari dela: lehorteak, uholdeak, txingor bortitzak, bero handiak, etb. Eta zer egiten dugu horri aurre egiteko? Batzuek asko, beste batzuek gutxi eta beste batzuek ezer ere ez.

Trumoia denean Santa Barbararekin gogoratzearekin ez dugu arazo larri hau konpontzen, horretarako martxan jarri behar gara eta zezenari adarretatik heldu, eta ez ostrukak egiten duena, burua ezkutatu.

Txalotzekoa da nola elkarte batzuek zuhaitz autoktonoekin gure basoak berreskuratzeko egiten duten lana. Kontuan izan zuhaitzak aire-garbitzaile naturalak direla.

Beste batzuk kostaldea garbitzeko deiari erantzunez han dabiltza inguruak txukun uzten.

Beste askok herriko errekak garbitzen dituzte ibaiari beste lustre bat emateko.

Baneka bat ikusten da osteratxoa egiterakoan makurtuta zerbait batzen ari direla eta batzen ari direna ez dira perretxikoak; handik igarotakoak utzitako zaborra batzen ari dira, gero zaborrontziratzeko.

Ez ditut ahazten desastre hau konpontzeko beste ekintza asko burutzen dituztenak.

Baina lan hauek arrakasta eta ingurumenean eragina izan dezaten jarraipena izan behar dute eta denok kontzientzatu, alez-ale multzo handia egiten baita. Ea behingoz ohartzen garen gaixorik dagoen mundu hau sendatzeko denok bat egin behar dugula gu eta gure ondorengoak osasuntsu bizi gaitezen.

Bukatzeko, zorionak eta besarkada handi bat garbitzaile anonimo guztioi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!