Tia Mari

Benito Lertxundiren “Zenbat gera” abestia entzuten ari naizela aitortu behar dut bat gutxiago dagoela gure artean eta hori zu zara, tia Mari. Urte bukaeran utzi gaituzu, baina zure itzala beti izango dugu gure artean.

Jenioz biziko emakumea, baina bihotz handi eta beroduna, gora begira egon gabe zirt edo zart heldu beharrekoari heltzen ziona.

Zu izan zara gure erizaina eta pratikantea, trebea indizioak jartzen edo sendaketak egiten. Medikuarengana joan behar bagina tia Mariren Zitroen gorria atarian zain. Gaixorik bageunden tia Mari gure ohe ondoan laguntzeko prest.

Zenbat buelta eman duzun nirekin mediku honek edo beste horrek ni aztertzeko. Amama eta gurasoekin batera zu izan zara nire sostengurik garrantzitsuena bizitza honetan izan ditudan oztopo guztiak gainditzeko.

Zure baserri ingurutik pasatzean sarritan irudikatzen zaitut aitzurran edo astotxo mekanikoarekin lurra lantzen gero zapatuetan bendejea hartu eta Durangoko plazan zure bezeroei maitasun handiarekin zaindutako barazkiak saltzeko.

Lanean gogor ibili arren beti ateratzen zenuen denbora, dotore jarri, eta hara eta hona joateko. Dantzari ona, lagunen laguna eta irribarretsu garbiarekin beti laguntzeko prest zegoena.

Azken urteetan gortina ilun batek apurka-apurka zure memoria ilundu eta ezabatu dizu, baina zuk oroitzapen, irudi edo aurpegiak ahaztu arren gugan utzi dituzun bizitza-irakaspenak beti izango ditugu gurekin.

Zauden tokian zaudela, mesedez, jarrai ezazu gu zaintzen.

Eskerrik asko eta goian bego gure tia Mari, NIRE tia Mari.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!