Handiak txikia zapaldu

Eguna argitzen ari zela txantxangorri umil eta goxo bat jarri zitzaidan leihoan niri begira. Negar zotinka zegoen eta galdetzerakoan zer gertatzen zitzaion, txori handi batek, kukuak, bere abian arrautza handi bat jarri ziola eta kumea jaio zenean bere kumeak habiatik bota zizkiola eta hor ibili zirela bera eta bere bikotekidea, eten gabe, janaria garraiatzen, kume hori handi egin eta hegan, habiatik alde egin arte adierazi zidan. Horrela geundela iratzargailua dantzan hasi zen eta ohartu nintzen amets bat izan zela. Amets horrek pentsa arazi zidan txantxangorriari gertatu zitzaiona gure gizartean ere eguneroko ogia dela. Eskolan edo kalean indartsuak makala zapaltzen duela bullying eginez.

Gizon batzuek emakumeak jipoitzen dituzte eta batzuetan erail, beraien jabeak izango balira bezala.

Enpresetan edo politikan goi kargua duten batzuek bere azpikoa mespretxatzen dute.

Sare sozialetan mehatxuak, mespretxuak eta faltsukeriak non-nahi.

Zoritxarrez, horrela luze jarraituko nuke.

Gizon-emakume guztiok amaren sabeletik jaiotakoak bagara, biluzik, blai-blai, ahul eta menpekotasun guztiekin, gero, zergatik bihurtzen gara hain maltzurrak?

Inor ez da inoren jabea, orduan utzi bakean lagun hurkoari eta egin dezagun gure bizitza elkarri lagunduz eta ahal bezain zoriontsu.

Ea tortillari buelta ematen diogun eta elkarri lagunduz eta elkar “ez zapalduz” gizartea bide onetik bideratzen dugun, eta mundu honetan gauden bitartean egin dezagun maitasuna eta ez gerra. Hala bedi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!