Nora goaz?

Aurreko egun baten egunkaria irakurtzen nengoela bertan azaltzen zen berri batek guztiz minduta utzi ninduen: Pariseko kale baten artista frantses bat lurrera erori eta bertan inork lagundu gabe zortzi ordu inguru egon ondoren hotzez hil zen.

Jendea nora begira zegoen? Paris bezalako hiri erraldoi baten hainbeste pertsona ondotik igaro eta bat ere ez zen hurbildu zer gertatzen zitzaion galdetzera!

Nolako gizartean bizi gara? Norberaren buruarekin baino arduratzen ez dena? Zelako edukazioa ari gara erakusten gure seme-alabei? Orain neu, eta gero ere neu eta besteak hor konpon!

Non dago besteenganako enpatia? Zer uste dugu, akaso besteen laguntzarik gabe bizi izateko gai garela?

Gero animalia arrazionalak garela diogu, baina inguruan ditugun lau hankako animaliak gu baino askoz ere arrazionalagoak dira, guztiz fidelak baitira.

Gero eta teknologia aurreratuagoak urruti daudenak hurbiltzeko eta hurbilekoengandik urruntzeko.

Askotan ingurukoak ere ia ez ditugu ezagutzen ondotik pasatzen garenean, begiak pantailari josita gabiltzalako. Gero eta gehiago kostatzen zaigu “agur” edo “zelan zaude” esatea.

Zein urruti geratzen diren gure etxeetako ateak parez pare zabalik zeudeneko egunak eta auzokidea familiako beste kide bat zeneko egunak.

Jo dezagun frenazo bortitz bat eta har dezagun momentu bat gogoeta egiteko, egoera honi 360ºtako bira bat emateko; bestela, gizarte moduan amildegitik behera goaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!