Bera izan da baserria bizirik mantendu eta mantentzen duena. Urteak atzera eginda hor ikusten ditut amama eta ama, aita fabrikan zebilen bitartean, etxeko lan guztiei aurre egiten. Ganadua zaintzen, ortua mantentzen, buruan galdara hartu eta errekan arropak garbitzen, eskuko gurditxoa hartu eta aterik ate eta etxerik etxe esnea banatzen, etxera itzuli eta jatordua prestatzen, sendagilearen lana egiten eta inoiz seme-alabak ahaztu gabe; AMA izaten.
Baina hor ez zen beraien lan neketsua bukatzen, aita fabrikatik bueltatzen zenean behiak uztartu eta hor joaten ziren belarra ekartzen, lurrak lantzen edo udazkenean behiei ohe sikua egiteko garoa eta orbelaren bila.
Etxean ikusten nuena inguruko baserrietan errepikatzen zen, gauza bera. Lan handi hori gutxitan aitortu zaio bera izan arren pelikulako antzezlerik garrantzitsuena.
Gaur egun 9.000 emakumetik gora omen dabil baserriko lanetan, baina hamarretik hiruk baino ez du esplotazioa bere izenean.
Baserrian ere genero berdintasunera heltzeko bide luzea geratzen da, ea behingoz gizarte honek eta batez ere administrazioak emakumeak behar dituen errekonozimendu eta baliabide guztiak jartzen dituen eta zuen lana goraipatzeko eta eskertzeko urtean egun bakarra jarri beharrean egunero aitortu eta bultzatzen duten eta dugun.