Argiñeta, noiz?

Javier Hurtadok, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, turismo jasangarritasuneko lurralde-plana aurkeztu zuen lehen faserako Europatik datozen 24 milioi eurotako partida eta guztira 67 milioi euro 2023ra arte Euskal Herrian turismoa bultzatzeko.

Lehenengo 24 milioietatik 11,7 milioi geratuko dira Bizkaian, honela banatuta: Bilboko Udalerako 4,7 milioi, Enkarterrietarako milioi bat, Gaztelugatxerako 1,9 milioi, Urdaibairako 2,1 milioi, Lekeitiorako milioi bat eta Lea Ibarrarako beste milioi bat

Oso ondo, baina non geratzen da Argiñetako Nekropolia, gaur egun Bizkaiko eta Euskal Herriko arkeologiaren esparruan lehen mailako ondare-elementua izanik, ezinbestekoa Erdi Aroa ezagutzeko aztarnategirik garrantzitsuena? Egunero pertsona asko bertaratzen da daukagun altxor hau ikustera, eta zer aurkitzen dute? Baselizako portikoa itoginez beteta, egoera txarrean baitago, zaborrak non-nahi, kotxe eta motoen gurpil markak derrapatzen ibili direlako, etab., etab., etab.

Argiñetako Kofradiak, aho batez onartutako batzar batean, Baseliza eta ingurua udalaren esku utzi zuen honek babes eta zaindu dezan. Nora begira daude udala, Mankomunitatea eta Aldundia?

Asmo handiak kaleratu dira, baina gauza gutxi egin da. Bertako hilobiak eta aztarnak gizaldiak eta gizaldiak zain egon dira eta daude daukaten garrantzia emateko. Turismoa bultzatzeko asmoa badago eta ondasuna bertan badaukagu jar ditzagun behar diren baliabideak etekin handiagoa ateratzeko. Lehenengo deialdi honetan Argiñeta ez da kontuan hartu, baina inguru hori maite dugunok ozenki eskatzen dugu hurrengo deialdietan hitzetatik ekintzetara pasatzea eta inguruak daukan balioa emateko egin beharrekoa egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!