Konpondu beharrekoa

Administrazio publikoak gero eta zerbitzu gehiago jartzen ditu enpresa pribatuen eskuetan eta kasu askotan herritarrok salduta uzten gaituzte ez dielako jarraipenik egiten eta zerbitzua gaizki ematen badute ez dielako konturik eskatzen, ezta zuzentzen behartu ere.

Adibidez, anbulantzien kasuan. Urgenteak ez diren kasuetan pazientea bizilekuan hartzen dute eta berriz etxera itzultzen dute kontsulta pasa ondoren.

Dudarik gabe oso zerbitzu egokia eta txalotzekoa, baina kudeaketa? Nik ez dakit nor den koordinadorea, baina askotan pazienteok orduak eman behar ditugu kontsulta ondoren etxera itzultzeko.

Basurtutik etxeratzeko 4 ordu itxaroten egondakoa naiz eta nahiko pazientek esan didate hori oso arrunta dela.

Arazoren bat badugu telefono bat ematen dizute deitzeko eta arazoa bideratzeko, baina zertarako? Deitu eta 25 minutu egona naiz erantzunaren zain eta erantzuna: “itxaron, gure agenteak okupatuta daude” hori behin eta berriz, eta aspertuta deia moztu behar.

Askotan pazienteak nagusiak dira, urduri jartzen dira edo desegoki daude, minarekin edo nekaturik.

Halakoren baten anbulantzia heltzen denean gure “malaletxea” txoferrarekin husten dugu eta beraiek ez dute errurik. Txoferren alde esan behar oso profesionalak direla eta askotan beraiek ere txarto pasatzen dutela gure inpotentzia ikusita.

Ea behingoz dagokionak eskua hartzen duen eta zerbitzua hartu duen enpresa berri hau tente ipintzen duen paziente guztion mesedean. Hala bedi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!