Zelako oroitzapenak!

Errota zahar maitea abestiak sortu zidan nostalgiak nire haurtzarora eta gaztarora eraman nau. Nire oroimena oroitzapenez beterik dago eta irudi horiek ez dute zer ikusirik gaurko argazkiarekin.

Baserri inguruan bizi ginenok eskolara joan ondoren eta etxeko lanak bukatu eta gero, gure gaitasunaren arabera, baserriko lanetan laguntzen genuen. Aitak behiak uztartzen zituenean frantsesarea, golda edo narra pasa behar zenean behien aurrean itzaurrean egiten genuen behien norabidea eta erritmoa zaintzen. Lurrak landuta zeudenean astoa sokatik heldu eta artoa eraiteko makina atzean temati zetorrelarik lur sail desberdinak eraiten genituen.

Negurako despentsa betetzeko, udan belarra sega edo segadorarekin moztu, makilekin zabaldu eta buelta eman sikatzeko eta prest zegoenean eskuarearekin batu eta sardarekin gurdia bete eta gero sabaian pilatzen zen eta hor ibiltzen ginen umeok saltoka belarra zapaltzen tokia ondo aprobetxatzeko.

Baina dena ez zen lana, gure aisialdia ere izaten genuen eta hor elkartzen ginen txiki eta nagusi, neska eta mutil futbolean, balon prisionero, harrapaketetan, inkean, txirikilan, buztinez egindako kaniketan eta abarretan jolasten.

Gure jolastokia kalea zen. Oso seguru sentitzen ginen kotxerik ez zebilelako eta nagusiek txikiagoak zaintzen zituztenez gure gurasoak ere nahiko lasai egoten ziren.

Ziur nago hau irakurtzen duten askori ezezaguna egingo zaiela hemen azaltzen den margolana, baina seguru asko nire garaikoei irribarretxua sortuko zaiela adinean atzera egiterakoan. Garaiak garai eta bizimoduak bizimodu zoriontsuak izan gaitezela tokatu zaigun sasoiarekin gozatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!