Errota zahar maitea

Apurka-apurka teknologia berriek gure gaztaroan arruntak ziren tresna, lanabes eta eraikinak baztertu dituzte. Eraikuntza horien artean errotak ditugu eta Lourdes Iriondori eginiko omenaldian Xabier Leterekin batera osatu zuten Errota Zahar Maitea abestia entzun nuenean nostalgiko jarri nintzen. Urteak atzera eginda herri askotan oso garrantzitsuak ziren abereak eta pertsonak elikatzeko. Bertan lortzen zen irinarekin baserri gehienetan zeuden labetan ogi goxo eta naturala egiten zen.

Gure baserrian amamak egiten zituen ogiek usain ahaztezina eta iraupen luzea zituzten eta ez oraingo ogi askok goma eta asma ezineko zaporea dutenak.

Hara joaten ziren baserritarrak tokatzen zitzaien egun eta orduan gari, garagar, arto, … zakuekin. Uraren bultzadarekin traka-traka harriak martxan jartzen ziren eta aleak irin bihurtzen ziren. Gero irin hori taloa, morokila edo ogia bihurtzen zen.

Ikusi zein garrantzia zuten errotek Elorrion 14 zutik ezagutu ditut eta aitak esan didanez gutxienez beste hiru gehiago zeuden, baina ez dago beraien lorratzik. 14 horietatik bi baino ez daude martxan; bat Aldapen eta bestea Zenita auzoan.

Urteak dira Elorrioko Udalak Angioko errota museoa bihurtzeko asmoa izan zuela eta ingurua garbitu zuen, baina proiektu polit hori udaletxeko kajoiren baten lozorroan geratu zen eta oraindik, agian, hor jarraitzen du.

Oso interesgarria izango zen horrelako eraikinak berreskuratzea gure gazteek beraien aurrekoen bizimodua ezagutzeko.

 

Errota zahar maitea / uraren ertzean, /  uraren ertzean da / basati beltzean. / Negar egiten dezu /aleak txetzean. /Ni ere triste nabil /zutaz oroitzean

(Lourdes Iriondo – Xabier Lete)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!