Osakidetza

Bakunak direla-eta edo honek burutzen duen lana dela-eta, aspaldian, denon ahotan dabil Osakidetza. Suposatzen dut bertan lan egiten dutenek iritzi propioa izango dutela beraien baliabide eta lan baldintzak kontuan hartuta.

Nik bezero edo paziente lez goraipamenak baino ez ditut. 50 egun egin ditut Gurutzetako Ospitalean eta denbora luze horretan asko izan dira nire logelatik pasa diren profesionalak: zeladoreak, auxiliarrak, erizainak, zirujano plastikoak, urologoak, nutrizionistak, infekziokoak, fisioak eta garbitzaileak. Ezin ditut ahaztu orain etxera etortzen zaizkidan erizainak.

Denak profesional handiak eta goi mailako prestakuntzarekin. Ez dut aurpegi txarrik ikusi eta beraiek eskaini didaten arreta ordainezina da. Lana maitasunez egiten dutenez bertara joaten garenon beldur eta kezkak baretzen edo uxatzen laguntzen digute.

Nahiz eta noizbehinka akatsak izan, inor ez baita perfektua, Euskal Herriko herritarrok pozik eta harro egon gaitezke daukagun Osasun Zerbitzuarekin.

Politikariek, aurrekontuak egiterakoan, kontuan izan beharko lukete profesional hauen lana errazteko behar dituzten tresna guztiak beraien eskuetan jartzea: ikertzen jarraitzeko, etengabeko prestakuntza eskaintzeko, makina eta baliabide berrienekin zentro guztiak hornitzeko eta guzti hau burutu ahal izateko langile gehiago kontratatzeko.

Denborarekin, zaindu nautenen aurpegiak eta izenak ahazten joango zaizkit, baina inoiz ez dut ahaztuko jaso dudan pazientzia eta maitasuna.

Eskerrik asko gure osasuna zaintzen ari zareten guztioi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!