Gazte edo ez hain gazte diren asko hor ari dira urruneko lurretan osasun, hezkuntza, bizi-baliabide eta abarreko hutsuneak betetzen. Gehienak musu-truk dabiltza beraien urruneko neba-arreben gabeziak arintzen eta bizitza duin bat izan dezaten ahalegin eta indar guztiak jartzen.
Haratago joan barik gure inguruan ere asko dira Gobernuz Kanpoko Erakundeetan lanean dihardutenak, elikagai bankuetan janaria biltzen edo herrietan banatzen, umeek kirola egin dezaten entrenatzaile lez, aisialdiko elkarteetan, era desberdinetako ikastaroak ematen, katekistak, konfinatuta egon ginenean herritarren beharrei erantzuten. Eta horrela luzaroan jarraituko nuke, baina tokirik ez dudanez aipatu ez ditudan guztiak ere kontuan ditudanez, zuoi guztioi zorionak egiten duzuen lan erraldoiagatik eta eskerrik beroenak.
Egunero milaka eta milaka hazi solidario ereiten duzue eta itxaropen fruitu horiei esker mundu hobe bat lortzen ari zarete. Animo eta segi aurrera!