Nekazaritzarako eta abeltzaintzarako lurrik egokienak porlanez betetzen ari gara geroari begiratu gabe.
Zergatik behar dugu industriarako lur gehiago Elorrion bertan zenbait gune industrial badago garatu gabe? Esate baterako: San Agustinen (pabilioiak hutsik daude eta lur-eremu batzuk eraiki gabe), lehengo Forjas, Ire, Funcor (hutsik edo erdi jausita). Eta inguruko herrietan berdin.
Gure artean dugun pandemia honek argi utzi digu inguruko merkatuak bultzatu behar ditugula. Horrela jokatuz gero gazteei eta langabezian daudenei aukera berri bat eskainiko genieke lanpostu zuzenak eta zeharkakoak sortzeko. Produktuak merkaturatzeko garaian hurbiltasunari esker ingurumenak eskertuko liguke.
Gauza onuragarri hauei erantzuteko egokia eta zuzena izango litzateke momentu honetan Sprilurrek Pulla-Azkarretan erosita dituen 105.630 m² horiek kalifikazioaz aldatzea eta industriagune hori abeltzain-nekazal gunea bihurtzea. Horrela, Sprilurren ondasuna sortzeko helburua mantenduko zen, premia gehiago duen elikagaien sorkuntzarekin.
Ea, Elorrioko Udala buru dela, proiektu hau martxan jartzeko eta errealitatea bihurtzeko bide egokiak jorratzen ditugun. Hala bedi!