Maite zaituztet

Bi hitz polit hauek doinu eta esanahi berezi eta kuttuna duten arren zein gutxi ateratzen diren gure barnetik. Zorrak ordaintzeko direnez, ozenki eta argi eta garbi adierazi nahi dizuet nire maitasuna nire ingurukoei.

Maite zaituztet, aita eta ama, zuen maitasunaren fruitua naizen honi bizitza, formakuntza eta heziketa zuzena emateagatik.

Maite zaituztet, amama Matea (goian bego) eta tia Mari, nire lehenengo urte gogorretan tente irauteko zutabeak izateagatik.

Maite zaituztet, neba-arreba, koinatu-koinata, hurbileko senitartekoak eta lagunak, memento txarretan zaindu eta babestu nauzuelako.

Maite zaituztet irakasle bizitza luze honetan izan ditudan ikasle guztiak, eman didazuen bizipoza eta hain maitagarria den lanbide hau zuekin batera disfrutatzeko aukera eman didazuelako.

Maite zaituztet min egin didazuen bakan batzuek ere, begiak zabaltzen eta inozoa ez izaten irakasteagatik.

Maite zaituztet iritzi artikulu hauek irakurtzeko tartetxo bat hartzen duzuenak, niretzat lagungarriak baitira burua arin mantentzeko eta barnean biraka eta biraka darabilzkidan asmo eta pentsamenduak askatzeko.

Maite zaituztet, azken batean, nire bizitza zoragarri honetan inguruan zaituztedan guztiak egunero bizitzari zukurik goxoena ateratzen laguntzen didazuelako.

Hemendik aurrera ez zaitezte lotsatu eta adierazi lau haizetara zuen maitasuna, honek bizitza politagoa egiten baitigu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!