Eskerrik asko

Oraindik gure inguruan bueltaka eta bueltaka dabilen pandemia honek argi utzi du zein garrantzitsua den gure abeltzain eta nekazarien lana. Gure sabelak asetzeko jo eta ke ibili dira lanean, lapiko eta zartaginetan zerbait egon zedin ahora eramateko.

Norbaitek pentsatu du zeintzuk diren beraiek dituzten eragozpenak eguneroko lana aurrera ateratzeko? Askotan, lan erraldoi hori eskertu eta goraipatu beharrean, oztopoak baino ez dizkiegu jartzen beraien eguneroko lanean.

Lan gogor eta askotan onartzen ez diegun meritu horren adibide batzuk baino ez dizkizue jartzen baserritarren seme eta anaia naizen honek:

Txakurrak lotuta eraman beharrean solte eramatearen ondorioa behiak edo ardiak uxatu eta txahala edo arkumea bota.

Larretako zerradurak zabalik utzi eta ganaduak alde egin.

Uzta babesteko, udaltzaingoan aipatu ondoren, tiroa edo “pastore” elektrikoa jartzeagatik denuntziak jarri. Denuntziatzen duten horiek zergatik ez dira etortzen pizti horiek (bela, mika, basurde, …)  “kariño” guztiarekin uxatzen?

Landatzeko lur eta larre onenak eraikinez bete.

Beraien izerdi gordinarekin lortutako lana gutxi ordaindu.

Baserri inguruak baliabidez nahiko prekarioan aurkitzen dira. Zergatik ez dira bideak egoki mantentzen? Beraien lana zuzenean saltzeko, zergatik ez dira interneteko konexioak hobetzen?

Hitzek ez dute ezertarako balio hau hobetzeko ekintzekin bat ez badatoz. Ea dagokionak edo dagokienek zezenari adarretatik heltzen dioten eta gizon-emakume ausart hauen lana hobetzeko baliabideak martxan jartzen dituzten.

Anbotok eskaintzen didan leihotxo hau baliatuz, aurrera jarraitzen animatzen zaituztet, zuek baitzarete gure ingurua eta gure osasuna egokien zaintzen duzuenak.

Eskerrik asko abeltzain eta nekazari jaun-andreei!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!