Normaltasun berria

Superman eta Superwoman ginelakoan bizi izan gara, baina ikusezina den birus nano batek begiak zabaldu eta errealitate gordinera ekarri gaitu. Birus honek argi utzi digu Ama Lurrean bizi garenen artean makalenak eta ahulenak pertsonok garela.

Egoera berri honek bizimodua beste era batera antolatzera behartzen gaitu, bakuna lortu arte bere eraginpean bizi izan beharko garelako.

Aldaketa handiak egin beharko dira osasun alorrean. Baliabide guztiak jarri beharko dira gaixotasunak ikertzeko eta sendagaiak lortzeko, langileak eta gaixoak zaintzeko eta hauek sendatzeko.

Elikagai osasungarriak, prestu, gure eskuetan jartzeko gure hurbileko abeltzainen eta nekazarien lana bultzatu beharko da. Gure ume garaian baserriak ia dena ematen zigun eta bagenekien zer jaten genuen, baina orain? Auskalo nongo eta nolako jakiak jaten ditugun. Herri bakoitzeko dendetan Km 0ko produktuak kontsumitu behar dira ingurumenak eta gure osasunak eskertuko digutelako.

Etxebizitzen modeloak aldatu beharko dira espazio zabalekin, konfinamendu posible berri baten aurrean etxe barruan preso ez sentitzeko.

Mugikortasuna eraldatu beharko da bizikletei eta oinezkoei leku gehiago emateko.

Etxean lan egin edo ikasi ahal izateko sare berri eta fidagarriagoak jarri beharko dira.

Maskarilla erabiltzen eta eskuak sarri garbitzen ohitu beharko gara.

Gure alde dena ematen duten eta honegatik edo horregatik egoitzetan dauden senitartekoak duintasunez eta errespetuz zaintzeko kontrol zehatzak jarri beharko dira.

Pandemia honekin zerbait ikasi izan badugu jarri gaitezen martxan geroari behar den bezala erantzun ahal izateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!