Kontraesan gehiago

Telebista piztu, egunkaria zabaldu, jendearen komentarioak entzun eta denak datoz bat; koronabirusa gora eta koronabirusa behera. Gaixotasun hau dela-eta nazio gehienak guztiz paralizatuta daude edo egon dira.

Bertan behera utzi dira kongresuak, kirol ekintzak; lantegiak eta eskolak itxi dituzte, joan-etorriak debekatu, etab. Denak mugitu dira kalte honi aurre egiteko, baina zer gertatzen da heriotza gehiago sortzen dituzten gerra eta goseteekin? Ume eta emakumeen aurkako bortxakeria, heriotza eta tratu txarrekin? Edo pobrezia dela-eta kalean hiltzen direnekin? Edo kutsadurak sortzen dituen gaixotasun eta heriotzekin? Akaso gertakizun horiek  ez dute garrantzirik? Ea gaixotasun hau menperatzen denean baliabide berdinak edo gehiago jartzen diren beste egoera tamalgarri guztien eraginak murriztu edo geldiarazteko.

Administrazioak gero eta laguntza gehiago ematen ditu nekazari eta abeltzain gazteek baserritar zaharren erreleboa har dezaten, baina, gero, jarduera honetarako lur egokienak industria gune, etxebizitza edo errepide berriak egiteko bideratzen ditu. Karamelua eman, baina dastatzeko aukera kendu.

Hitzez, nazio gehienek klima aldaketari aurre egiteko beharrizana ikusten dute, baina ekintzak bideratu behar direnean ez dira batere ausartak. Dena herritarren eskuetan uzten dute eta belarria berotzen digute: birziklatu, berrerabili, murriztu, zentzudun kontsumoa egin,… Eta gero ez dago kontrolik enpresen isurketetan, zabortegietan,… Kontrol gabezia horren ondorioak herritarrok pairatzen ditugu: asma, alergiak, minbizia eta zenbait kalte gehiago.

Ea hausnartzen dugun hau guztia eta kontraesan horiek eta beste asko “zuzenesanak” bihurtzen diren. Bestela, aitak esaten duena: "Pater noster eta zerura laster”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!