Negu usaina

Azaroa, ostirala, arratsaldeko 4rak. Zerua haserre. Tximistak laino artetik, eten gabe, dantzan ateratzen dira eta hauekin sinkronizatuta, lasterrera, trumoiaren danbarrada. Termometroa ahul, gero eta beherago eta haizeak eta euriak bazter guztiak astintzen dituzte. Zuhaitzak biluzten ari dira negua lozorroan igarotzeko. Mendiak ere hasi dira aro berriari ongietorria emateko soineko zuriak janzten.

Giro honek negura garamatza eta bere usainak gero eta nabariagoak dira. Eskoletako umeak kalerik-kale eta etxerik-etxe polboroiak saltzen dabiltza. Zenbait dendatako erakusleihoetan zapore eta usain askotako turroiak, txokolateak, etab. keinuka ari zaizkigu gure etxeetara eraman ditzagun.

Kale bazterretan hasi dira gaztaina goxo eta usaintsuak saltzen gure barneak berotzeko. Gure sukaldeetan, kanpoko hotzari  aurre egiteko, amamak edo aititak egindako txokolatea dugu zain. Dagoenekoz hasi dira kaleak argiz apaintzen. Olentzero ere prestatzen ari da lasterrera helduko zaion lan neketsu baina politari aurre egiteko, eta urrunera usaintzen dugu bere piparen ke karamelatua. Aurten onak izan garenez ez du ikatzik ekarriko; horregatik ez dugu nabaritzen bere usain sarkorrik.

Presta gaitezen gu ere eguraldi eta garai honekin disfrutatzeko. Atera dezagun barruan daramagun umea eta gure umeekin bat eginda jolastu, dantzatu eta ondo pasa dezagun “malaletxea” alde batera utzita.

Goza neguko usainekin eta izan gaitezela zoriontsu! Gabonak ondo igaro eta urte zaharra behar den bezala agurtuz, eman eskua urteberri oparo, osasuntsu eta zoriontsuari. Hala bedi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!