Jubilatu bakoitzeko 2,5 kotizatzaile behar dira eta une honetan 1,8 baino ez daude. Denok dakigu langile asko kontraturik gabe ari dela lanean, eta gehienak, etorkinak. 2015eko datuen arabera, Euskal Herrian 76.000 pertsona, gehienak emakumeak, zeuden lanean gure nagusiak zaintzen edo etxeko lanak egiten, eta horietatik 29.600 baino ez zeuden kontratuarekin. Zenbat egongo dira gaur egun? Zelako lan baldintzekin?
Askotan, nahiz eta kontratua egin nahi, ezin da, ez dutelako paperik. Lana aurkitzeaz batera, zergatik ez dira erregularizatzen hiru urte bete arte itxaron beharrean?
Begira zenbat lagun gehituko ziren kotizatzaile lez Gizarte-Segurantzara. Desoreka askoz ere txikiagoa izango zen eta hilero sortutako defizita asko gutxituko zen.
Hain zaila da horrelako erabaki bat hartzea? Nora begira daude politikariak?
Enpresa askotan, lanpostu batzuk bete ezinik ari dira, langile faltagatik. Bertakoak ez badira prestatzen, zergatik ez dituzte prestatzen kanpotik etorritakoak?
Zenbat eta kotizatzaile gehiago izan, orduan eta hobeto, eta jubilatuei ordaintzeko itsulapikoa osasuntsuagoa egongo litzateke. Aurreztutako dirua beste gauza askotarako erabil daiteke. Adibidez, RGI kobratzen ari den jendea hezi eta lan merkatura bideratzeko.
Momentu honetako politikekin sarritan premia gorrian daudenak laguntzetatik kanpo geratzen dira parasito horiek beraiei zegozkien laguntzak xurgatzen dituztelako.
Ea ezkutaketara ibili beharrean arazoari adarretatik heltzen dioten eta nahiko kostata irabazitako erretiroa gozatzen uzten diguten.