Gizartea gero eta bakartiagoa eta berekoiagoa da. Lehengo hurbileko harremanak galtzen ari dira. Gero eta berba gutxiago egiten dugu geure artean, ingurukoengandik urruntzen ari gara eta, zoritxarrez, teknologia berri batzuek horra garamatzate.
Begira zer gertatu zitzaidan abuztuaren erdi inguruan; nik mugikor xinple bat dut, deiak egin, jaso eta oharrak bidaltzeko baino balio ez duena, baina niretzat nahikoa. Urteak ditu eta indarra galtzen ari zenez, aldatzea erabaki nuen. Kontratua daukadan konpainiara joan nintzen eta antzerako bat nahi nuela adierazi nion. Erantzuna; ez daukatela horrelakorik eta zaila izango zela aurkitzea. Zenbait dei egin ondoren, lortu zidan bat. Akaso nire moduko gutxi geratuko dira, eta ez da errentagarria horrelako mugikorrik egitea?
Nik ez dut nahi orduak eta orduak xahutzen dituen eta menpekotasuna sortzen ari den tramankulurik. Berba begietara begira egitea gustatzen zait, eta ez pantaila bati. Kasu askotan, mugikorra gizakiaren beste organo bat bihurtu da eta hau falta dutenean galduta sentitzen dira.
Deskonekta dezagun, jolas gaitezen gure umeekin, berba egin dezagun parez pare, entzun ditzagun naturan sortzen diren hotsak, kontrola ditzagun makinak eta goza dezagun inguruarekin eta ingurukoekin.