Nabarmena izan da errespetu falta. Non gelditu dira herritarren aurrean eredugarriak izan behar diren politikariak? Akaso ez dago politika eta politikari guztien gainetik pertsona bera? Bakoitzak bere iritziak izan eta defenda ditzake, baina pentsamolde horren ostean gizon edo emakume bat dago eta hau ez da kontuan izan. Ondo dago tendentzia politikoekin ados ez egotea eta bakoitzak berea defendatzea, baina ez bizitza pribatuan sartzea, eta hori ez da bete.
Kanpaina honek ume garaira eraman nau. Taldeak egiterakoan, onenak gure taldera erakartzeko belarria berotzen genien trebeenei. Talde politikoek ere berdin jokatu dute. Zenbait politikarik (baina trebeenak izan beharrean moralik gabeko “trepak” izan dira), batere lotsarik gabe, taldez aldatu dira politikatik bizitzen jarraitzeko aukera gehiago zutelako. Honelako jarrerekin argi utzi dute ez dutela etikarik eta lau txanponen truke prest daudela edozer edo edozein saltzeko.
Olentzerori politikari zuzen eta eredugarriak izatea eskatu nion, baina ikatza utzi dit. Zorionez, politikari langile, zuzen eta zintzoak ere badaude eta animoa eta indarra eman nahi dizkiet gizarte hobea lortzeko lan polit honetan buru-belarri ari daitezen.