Euskal Herrian kezkatzekoa da Arabako mendi aldean eta Karrantza inguruan gertatzen ari dena. Hor nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi dira eta alor horretan ia ez dago erreleborik, bizi baldintzak gogorrak direlako eta ez delako erakargarria gazteentzako. Etekin handienak bitartekariek eramaten dituzte, eta ondasunen sortzaileek “izerditan blai eta patrikak hutsik.”
Gure inguruan ia berdina ari da gertatzen. Baserri inguruko auzoak pixkanaka zahartzen doaz eta baserriak husten.
Adibidez, Elorrion, nire auzoan, egoera errepikatzen da. Hogeiren bat baserri daude. Urte asko ez dela, ia denetan abelburuak eta ortu ikusgarriak zeuden, baina gaur egun bospasei baserritan baino ez diraute. Baserritik bi familia baino ez dira bizi eta, zorionez, bat bikote gazte bat da. Zorterik onena opa diet.
Honi buelta emateko asko hobetu beharko da herritar horien bizitza: komunikabideak hobetu, bai errepideak bai internet eta telefonoen koberturak, lana egoki ordaindu, laguntasun duinak eman, beraien lana kontuan izan eta ez hauteskundeak direnean bakarrik.
Ea legealdi berri honetako politikariek erantzun azkarra eta zuzena ematen dieten eta herri eta auzoak berriz etorkizuna ziurtatuko duten ume eta gazteekin betetzen diren. Hala bedi!