EGBko umeak garenok gauza material gutxirekin konformatzen ginen, ez baitzegoen hautatzeko aukera handirik. Eskola bukatu ondoren, neska eta mutilak eskolatik etxerako bidean isildu gabe genbiltzan eta auzora heltzen ginenean ogitartekoa jan eta jo ta ke jolasten aritzen ginen: harrapaketan, balón quemado, inkera, futbolean edo koloniak egiten. Ohartu gabe arratsaldea itzaltzen zen eta denok etxera. Gure bizitza oso arrunta, baina zoriontsua izan zen.
Gaur eguneko bizitzan aukeratzeko eskaparatea bukaezina da eta zaila izaten dute edo dugu, eta zalantza handiak aukeratzeko orduan, eta laster aspertzen gara eta beste gauza bat aukeratzen dugu, eta gero beste bat eta gero beste … Ase ezinik dabiltza edo gabiltza.
Ez da zoriontsuagoa gauza asko dituena, gauza gutxi behar dituena baino, hor dago benetako zoriontasuna.
Ni oso zoriontsua naiz umeei irakasten, liburu on bat edo egunero egunkaria irakurtzen, laguntza bila datozenei entzuten eta egoki aholkatzen, goizero astiro-astiro paseotxo bat egiten, lagunekin solasaldi luzeak izaten.
Ez da urrutira joan behar zoriontasunaren bila, hor bertan dago, eguneroko gauza txikietan, eta askotan ez gara ohartzen.
Azter ezazue zuen ingurua eta ikusiko duzue nola duzuen zain zoriontasuna.