Berreskura dezagun elkarbizitza!

Erabiltzailearen aurpegia Bixente Aizpurua Eguren (Irakaslea) 2018ko abe. 7a, 08:30

XXI. mende honetan daramagun bizitza lar azkarra eta bakartia da. Kalean ziztu bizian gabiltza, ondotik nor pasatu den ohartu gabe. Askotan bururik ere altxatu gabe, inor agurtu gabe.

Bizi garen atarian ere ezezagunak egiten zaizkigu bertan bizi direnak. Igogailua dela edota hain ordutegi desberdinak direla apenas ikusten dugu elkar. Eraikin berean pertsona arrotzez inguratuta daude. Lehen, etxe guztietako ateak zabalik egoten ziren eta zerbait behar genuenean lasai joaten ginen ondokoarengana eskatzera, edo bera etortzen zen gurera. Orain ateak sarraila bereziekin ixten ditugu eta askotan kamerak eta alarmak jartzen ditugu, izugarrizko altxorra gordeko bagenu lez.

Baserri inguruetan ere laster nabaritzen duzu nor den bertakoa eta nor ez. Etorri berriek, sarritan, harresiz inguratzen dute etxea, bertakoei beldurra baliete lez.

Horrelako joerekin, nola sendotuko ditugu gure arteko harremanak? Bata bestearen beharra izanez gero, nola zuzendu ondokoari?

Zein urruti geratu diren lehengo auzolanak, auzotarren arteko erlazio zuzenak eta barre algarak.

Ea behingoz alde batera uzten ditugun joera baztertzaile horiek eta laster benetako harreman zuzen eta goxoak berreskuratzen ditugun. Hala bedi!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!