Adio udari

Aurten ere, data berdinean, heldu zaigu uda agurtzeko garaia. Eguraldiari dagokionez, nahiko gorabeheratsua izan dugu, baina egokitzeko gaitasuna daukagunez etekina atera diogu.

Orokorrean, uda oso aproposa da bidaiatzeko, eguzkia hartzeko, irakurtzeko, atsedena hartzeko, familia edo lagunekin egoteko, besteei laguntzeko eta, nola ez, herririk herri, jairik jai ibitzeko.

Toki honetaz baliatuz zoriondu eta eskertu nahi nituzke hiri, herri eta auzoetako jaiak antolatzen eta aurrera ateratzen dabiltzan guztiak. Orduak eta egunak ematen dituzte egitarauak prestatzen, baliabide guztiak egunerako prest izaten, bertaratzen diren guztiak egoki eta zuzen zerbitzatzen, eta bukatzen denean dena batzen, garbitzen eta hurrengo urterako dena prest uzten.

Jai hauek mantentzeko ezinbestekoa da tokian tokikoen borondate ona eta inplikazioa. Ez baduzue honelako esperientziarik inoiz bizi izan animatzen zaituztet zuek ere lepoa eskaintzen. Lana izan arren oso aberasgarria da giro horretan murgiltzea.

Guk berrogei urtetik gora daramatzagu, Elorrion, Argiñetako Kofradi jaiak antolatzen. Jai honek Kofradiak beste urte ditu, laurehun urte luze. Bertan, abuztuko lehen asteburuan, hirurogeiren bat ume, gazte, heldu eta nagusi elkartzen gara jaiak aurrera eramateko. Askok urtean zehar ez dugu bat egiten eta bertan elkartzen gara eta beti ateratzen dugu tartetxo bat gure joan-etorriak kontatzeko. Benetan polita.

Urteak joan ahala pertsonak aldatzen doaz, baina enborrak tinko dirau historiari eta ohiturei jarraipena ematen eta dena Aitorren hizkuntza zaharrean.

Anima zaitezte zuen inguruko jaietako parte izaten eta aukerarik ez baduzue etor zaitezte Argiñetara, besoak zabalik hartuko zaituztegu. Eutsi jaiei!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!