Kultur Etxera joan nahi badugu nahiko aldapatsua den bidea jaitsi behar dugu eta euria egiten duenean arriskutsuagoa bihurtzen da. Horri konponbidea emateko, proposamen bat aurkeztu nuen udaletxean eta ez dut erantzunik jaso. Proposamen horretan atzealdean dagoen lautada egokitu eta handik zuzen sartzea eskatzen nuen.
Kainaberak GKEak kexa sartu ondoren pibotea zabaltzeko agintea utzi zidaten, Kultur Etxearen alboan aparkatzeko, baina toki hori aldapan dago eta horrek beste oztopo bat gehitzen du.
Berrio Otxoa kalean, sarreran eta irteeran, kamerak jarri dituzte kotxeen egonaldiak kontrolatzeko eta 30 minututik gora egonez gero, isuna. Nire moduko edonork kotxetik irteteko eta sartzeko nahiko denbora behar du eta horri egin behar duguna gehituz gero, igaro dira 30 minutuak. Eta ondorioz, isuna. Hori konpontzeko, zergatik ez egin elbarrien txartela dugunon errolda? Zerrenda udaletxean dago. Borondate pixka bat balego, beste oztopo bat gutxiago.
Ezin ahaztu udaletxean bertan, pleno aretora edo azken solairura joan ahal izateko dauden oztopoak. Arriolan, Ateneora jaisteko eskailerak. San Fausto kaleko espaloiak, etab., etab.
Laster hauteskundeak ere badatoz eta talde politikoek makro proiektuak aurkezteaz gain ea aipatu ditudan oztopoei ere aurre egiten dieten. Horri horrela bada, gero eta herritar gehiagoren esker ona jasoko duzue.