Itxaropentsu nago

Anboton azaldu zen nire lehendabiziko artikuluak susto galanta sortu zuen ingurukoengan. Urtea igaro berria da ebakuntza luze eta gogor bat egin zidatela eta oraindik tratamenduan nago. Izenburua irakurri zutenean “Hil aurretik…” larritu egin ziren, agurtzen ari nintzela pentsatuz.

Jaungoikoari esker nire onera itzultzen ari naiz eta, irakurleon gustukoak badira, iritzi artikulu asko idazteko asmoa dut.

Horri buelta emateko izenburu baikor hau.

Itxaropen handia dut gaurko ume eta gaztetxoengan, ziur nagoelako heltzen doazen heinean beraien aurrekoek egindako akatsekin ohartuko direla eta egoerari onerako buelta emango diotela.

Familiak bere garrantzia eskuratuko du eta umeak etxean heziko dira eta eskolan formatu, eta gurasoek, eskolak eta umeek bat egingo dute elkarri laguntzeko gizarte hobe eta justuagoa eratzeko.

Ingurugiroa berriz barrezka eta alai ikusteko neurriak hartuko dira eta denok ahal dugun guztia jarriko dugu zoriontasun hori finkatzeko eta indartzeko.

Lur planeta honetan bizi garen guztion arteko desberdintasunak berdintzen joango dira eta oreka izango dugu.

Teknologia berriak egoki erabiliko dira eta beraiek gu menderatu beharrean guk menderatuko ditugu.
Zientziak aurrerapen handia egingo du eta bizidun guztiok osasuntsuagoak izango gara; horri esker, bizitzari etekin handiagoa aterako diogu.

Hau irakurtzen duenak agian pentsatuko du inozo edo “feliziano” bat naizela, baina ni oso baikorra naizenez, berriz azpimarratzen dut konfiantza guztia dudala gure gaztetxoengan, bestela akabo, eta azkenak atea itxi eta argia amatatu dezala.

Izan zoriontsu eta lagundu ingurukoei zoriontsuak izaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!