Hil aurretik

Aurreko baten, Hilario Azkarate frontoiaren ertzetik pasatzean zenbait pertsona heldu ikusi nituen klariona eskuetan eta zerbait idazten arbel beltz batean. Momentu hartan ez nuen denborarik, ezta kotxea uzteko tokirik ere, eta aurrera egin nuen.

Jakin-minak bultzatuta, hurrengo egunean bertaratu nintzen eta arbel horretan, euskaraz zein gaztelaniaz, zenbait esaldi zeuden idatzita: Hil aurretik euskaraz mintzatu nahi dut, bidaiatu nahi dut, iloba besoetan izan nahi dut, nire ingurukoak ondo izatea nahi dut, etab. Esaldi sakon eta sentimenduz beteriko asko azaltzen ziren bertan.

Proposamen polit eta hunkigarri hau Mankomunitateak eta Behargintzak 55 urtetik gorakoentzat antolatutako seminario baten ondorio izan da. Ekintza hau Candy Chang artistak jarri zuen martxan New Orleansen, eta dagoeneko bost urte daramatza munduan zehar bueltaka. Eta begira, non eta Elorrion hartu du lurra edo, hobeto esanda, arbela eta klariona.

Zorionez, bizi itxaropena gero eta luzeagoa da, eta dagoeneko Euskal Herrian gorenean gaude, eta urteetan aurrera goazenok gero eta aktiboagoak gara, ez gaude prest bazter baten aieneka egoteko, gelditzen zaigun denborari zukua atera nahi diogu.

Poztekoa da gizon zein emakume adintsu gehiago ikustea kirola egiten, dantzan, bidaiatzen, teknologia berrietan trebatzen, idazten, irakurtzen, ikasten, laguntzen…

Bukatzeko, eta, leiho txiki honetatik, aurrera egiten eta denborari errenta ateratzen animatzen zaituztet, erregairik onena eta merkeena bizipoza baita. Bizi gaurkoa biharkoari begira egon gabe. Hala bedi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!