“Geratu zaitezte etxean” izan da azken bi urteotan jendartean barneratu behar izan dugun mantra. Orain dela urtebete ozen esan genuen etxeratze aginduek emakume* eta heteronormatibitatearen disidenteak garenok indarkeria egoeretan giltzapetu gintuztela. Baina etxeak, askotan, ez dira leku seguruak izan emakumeontzat, ez konfinamenduan, ez pandemiaren aurretik, ez bitartean, ezta ostean ere. Etxeko lau hormen artean, familietan, biolentzia desberdinak gertatu dira: emakumeon kontrako askotariko indarkeriak, LGTBfobia edota eraso transfoboak. Etxea bikote harreman heteronormatiboetara eta familia nuklearretara egokitutako espazioa da eta, hortaz, arau horretara bideratutako bizi eredu atomizatu eta indibidualista bultzatzen du eta agerian uzten ditu komunitatean bizitzeko muga eta oztopoak. Eremu pribatuan gertatzen diren biolentziak izendatzea eta ikusgarri egitea izan da beti borroka feministaren lehentasuna, eta orain, tamalez, urgentziaz erreparatu behar diogu pandemia osteko testuinguruari. Guretzat etxea, gainera, ez da lau paretek osatzen duten espazioa bakarrik. Etxea ez da soilik bizitokia. Etxea dira partaide garen komunitateak eta etxea da herria.
Azken hamarkadan ongizate estatuaren iruzurra lehertu izanaren testigu izan gara. Orain, pandemiak eragindako shock egoera baliatuz, sistema publikoaren gainbehera azkartu dela ikusi dugu. Pribatizazioen ondorioz, batetik, eskubideak galdu dira eta, bestetik, langileen egoera errotik okertu da. Gainera, prozesu horrek emakumeak bereziki kaltetu gaitu: lehen arreta zerbitzua kendu izanak indarkeria matxista bizi duten emakume asko are egoera zaurgarriagoan utzi ditu, digitalizazioaren gorakadak emakume asko baliabide publikoak eskuratzeko eskubidetik kanpo utzi ditu, genero dibertsitaterako harreta zerbitzu ugari eten egin dira, indarkeria matxista pairatu duten emakumeentzako urgentziazko etxebizitza zerbitzuak azpikontratatuak daude eta aurrekontu publikoetatik miseria bat zuzentzen zaie berdintasun politikei. Gainera, zaintza lanak egiten dituzten emakumeen bizi baldintzak kaskartu dira batez ere zaintzen etengabeko pribatizazioa dela medio. Bestela esanda, sistema publikoaren suntsiketa emakumeonganako indarkeria zuzena da. Euskal lurraldeetako gobernuek erasoak salatzen dituzte, baina, aldi berean, eurak dira pribatizazioak eta politika sozialetan murrizketak ezartzen dituztenak.
Jendartean bestelako indarkeria asko ugaritu direla ikusi dugu. Horren adibide gordina da, ustezko “normaltasun berrira” bueltatuta, urratu zaizkigun hainbat eskubide berreskuratzean, maskulinitate toxikoak kaleetan eta gaugiroan izan duen gorakada; eraso matxistak nabarmen ugaritu dira egunerokoan, baita oldarraldi homofobo eta transfoboak ere. Gauzak horrela, ozen diogu ez dugula bat egiten azkenaldian feminismoaren izenean zabaltzen ari diren irakurketa eta aldarrikapen transfoboekin.
Ibilbide luzea egin dugu feministok jai eredu eta giroen inguruan hausnartzen, baita eraldaketa eta kontzientziazio lanetan ere. Orain, espazio publikoetara bueltatu garenean, maskulinitate oldarkor eta botere harreman bortitzekin topo egin dugu berriro. Egoera horren aurrean, kaleak eta etxeak feminismotik berreskuratzeko garaia da: erasorik ez erantzunik gabe!
Aipatu dugun guztiak, ezinbestean, barrura begirako lanketa sakona egitea eskatzen du. Gure gertuko etxea zaindu behar dugu, herri mugimendua, gure komunitatea. Ardurak eta konpromisoak kolektibizatu behar ditugu, gure espazioetatik, barnetik erantzukizunak hartu eta elkartasuna, zaintza eta babesa oinarri hartuta, praktika eraldatzaileak eta prozesu askatzaileak martxan jarri. Aldi berean, aliantza zabalak eraiki eta gure behar material eta subjektiboak bermatuko dituen sistema publikoa defendatu eta exigitu behar dugu.
Etxea - izan herria, komunitatea edo bizilekua - segurua ez denean, feminismoa da gure armarik zorrotzena. Hori delako antolakuntza feministaren indarra; eztabaidatzea, sareak ehuntzea, gure inguruak zalantzan jarri eta hortik eraldatzea, ahalduntzea eta autodefentsa feministaz erantzutea. Indarkeriarik gabeko etxea nahi dugu, indarkeriarik gabeko Euskal Herria. Eraldaketa gure esku dago, feminismoz armatu gaitezen!