Jakina da, Bilgune Feministaren lanak erasoen prebentzioa barnebiltzen duela, nola ez. Hauek prebenitzeko urratsen alde agertu izan gara beti. Hala ere, jaiak hasi aurretik bagenekien, 'Emakumeonganako indarkeriaren kontrako Durangoko herri akordioa' ez zela horretarako tresna. Ez genuen uste ezer eraldatzeko aukera emango zuenik hain arin egindako zerbaitek. Prozesuek eskatzen duten denbora errespetatu gabe.
Egoera eraldatu beharrean, benetako urratsik eman ez duten askok domina jartzeko aitzakia izan da akordio hau. Berdintasun formalaren garai hauetan, errazegia da mediatikoki bultzada duten horrelako dinamiketara atxikitzea.
Nola deitu daiteke herri akordioa jaien bezperan emailez heltzen den dokumentua? Akordioek hilabeteetako (askotan urteetako) lana exijitzen dute. Inplikatuen prozesua beharrezkoa da, eta hori ez da sinadura batekin bermatzen. Aurrelanketa behar du, proposamena adostea, elkarrekin osatzea... Eta ondoren, etengabeko lanketa bat, sinatzaileekin zein sinatu ez dutenekin. Baina ez sinadurak pilatzearren, erasoen aurkako jarrera barneratu dezaten baizik!
Prozesuak balio beharko luke norberarengan eraldaketa pertsonalen bat sortzeko, hausnartzeko, norberan praktikak aztertzeko, hausnarketa pertsonalki eta era kontziente eta zintzoan egiteko. Eraldatzailea hori litzateke, eta hortik eratorritako beharra kolektiboki gorpuztea litzateke gero. Prozesuek aldatzen dituzte pertsonek, eta beraz, jendarte eta hauek indarrean dituzten balioak. Prozesua bidea baita. Eta herritarron akordioa sustatu dutenek ez dute prozesurik egiteko beharrik ikusi, logika horretatik kanpo kokatu den proposamen partidista huts bat bailitzan aurkeztu baita.
Hau idaztera animatu gara eraldaketa feministaren aurrean dugun konpromisoagatik. Emakumeenganako indarkeriaren kontra egoteko modua ez da neutroa. Guk hau dena aldatu nahi dugu eta bide horretan lanean ari gara. Horregatik edozein ekintzarekin ados egotea ez zaigu nahikoa iruditzen. Ekintzek badute oinarri bat eta hori arakatu behar da urratsak eman aurretik.
Azpimarratu nahiko genuke, asko poztu gaituelako, urrats hau emateko, prentsa-ohar hau idazteko, hainbat kolektibo, norbanako, eragile sozial, sindikatu zein mugimendu feministako kideengatik jasotako babesa. Beraiekin hausnarketa egiteko aukera izan dugu eta hona hemen Bilgune Feministaren posizioa.