Hau ez da gure bakea

Emakume bezala sozializatuak izan garenoi, oro har, beldur dosi handiz elikatu gaituzte txiki-txikitatik. Ez gaituzte jantzi beldurra erantzun bilakatzeko gaitasunez.


Oso erosoa eta komenigarria izan daiteke eraso sexisten kontrako aldarrikapenekin bat egitea, lanketa formal eta politikoki zuzenak egitea, «feminista naiz» etiketa jartzea, erasoa beti kanpoan kokatuta, nor bere burua zalantzan jarri gabe eta errora jo gabe.  Hemen inork ez du alerta egoera deklaratzen astero-astero bortxaketa salaketak prentsan albiste ditugunean edo sei emakume hiltzen dituztenean Euskal Herrian urte baten.

Emakumeok erasoen aurrean biktima gisa jarduten dugun bitartean, jendartean ez da arazorik. Baina ahalduntzean, erantzuten dugun momentuan, gure erantzuna zalantzan jartzen da. Gu erantzuteko eskubidean berresten gara, gure bizitzak jokoan daudelako. Baina, zein da ordea, jendarte honen (eta bere botere harremanen) parte diren beste subjektuen zeregina? Bada garaia sistema honek sortzen duen beldur eta biolentzia arduraz kudeatzeko, erradikaltasunez; hots, arazoaren errora jotzen, norberaren jardunetik gure praktika politiko kolektiboetara. Ardura lekualdatu, banatu. Borroka honetan apustu garbiak egiteko garaia dugu, bakoitza bere eremutik, norabide berdinean.

Bakearen aroa bada, izan dadin denontzako bake garaia. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!