Urteetan emandako eztabaidak, ideiak eta ondorioak bildu dituzte txostenean. Helburua, jendeak irakurri eta gaiaz hitz egin eta hausnartzea da.
Sexuaren, generoaren eta sexualitatearen eraikuntza sozialaz argibideak aurkituko ditu irakurleak. Idatziak ugalketan oinarritutako sexualitate eredua aztertzen du eta jendarteak gaur egun eredu normaltzat horixe hartzen duela azpimarratzen du.
Sexu-hierarkia azaltzeko Gayle Rubin antropologo estatubatuarraren gurpil magikoa ekarri dute orriotara. Sexualitate ona, normala, naturala, sakratua, ondoko hitzek biltzen dute: heterosexuala, ezkontza barruan, monogamoa, ugaltzeko, ez komertziala, binaka, belaunaldi bereko kideen artean, pornografiarik ez, erlazio batean… Sexualitate txarrak, anormalak, naturaren kontrakoak, madarikatuak ondoko terminoak biltzen ditu: homosexuala, ezkontzatik kanpo, promiskuoa, plazeragatik, banaka edo taldean, noizean behin, sadomasokista, jendaurrean…
Ekainaren bukaera bitartean hainbat herritan sexualitatearen inguruko eztabaidak egingo dira, Bilgune Feministaren dokumentua oinarri hartuta.
(Argia aldizkaria, 2014-05-22)