Honek, bisibilitatea emateaz gain, emakume askori beraien kirola bizibide egiteko aukera eman die. Horrek guztiak xakean emakumeen eta gizonen lekua non dagoen ekarri dit burura. Xakeak bere ezaugarriak ditu eta profesional mailan ez dago beste kiroletan izan daitekeen zailtasunik elkarrekin konpetitzerako orduan. Nahiz eta hori horrela izan, beste kirol askotan bezala emakumeenak diren txapelketak bultzatu dira. Xakean, maila handieneko jokalariek parte hartzen duten zenbait txapelketatan parte hartzeko aukera dute emakumeek. Baina diru-sariak eta babesleak bilatzeko beharrak txapelketa horietatik urruntzen dituzte. Beraz, xake mailan ez da erraza profesional bihurtzea, nahiz eta emakume gehiagori zabaldu zaien profesional bihurtzeko aukera. Aukera hori beraien artean jokatzen diren txapelketetara mugatua dago. Errealitatea da gaur egungo emakume onenek, elitean daudenek, emakumeen txapelketetan bakarrik jokatzea dela joera. Judith Polgar ez dago bide honekin ados. Emakume hau, 12 urte zituenetik bere erretiroa heldu zen egunera arte, munduko 100 jokalari onenen artean izan zen, eta urte horietatik guztietatik gutxienez hamarretan xakeko super elitearen zati izan zen. Berak argi du. Segregazio honek emakume jokalarien aspirazioak mugatzen ditu xakean. Eta kontrakoa beharko luke, ahalik eta mailarik handienean lehiatzea izan beharko lukete helburu. Bere ustez, txapelketa eta titulu bereziek, ahaldundu beharrean, bereizketa eragiten dute, eta oztopo psikologiko bat sortzen dute emakume jokalariengan.