Bide beretik, pronostikoek ziotena apurtuz, joan zen hilean Sindarov gazteak irabazi zuen Hautagaien Torneoa. Eta, honela, udazkenean munduko titulua irabazteko lehiatuko da buruz buru 20 urteko Gukesh munduko txapeldunaren aurka.
35 urte dituen Magnus Carlsenek, jokalaririk onena izaten jarraitzen duenak, 2024an uko egin zion erritmo klasikoko munduko txapelketako titulua defendatzeari. Horrek bi belaunaldiren arteko lehia sortu zuen. Alde batetik, jokalari beteranoak daude, 30 urtetik gorakoak: Caruana, Nakamura, Nepomniachtchi eta Anish Giri. Beraientzat munduko txapeldun izateko azken aukera izan zitekeen, eta aprobetxatu egin behar. Beste aldetik, haiekin lehian, 20 bat urte dituzten eta elite mailara iritsi diren xakelariak daude: Abdusattorov, Erigaisi, Keymer, Praggnanandhaa eta Arjun.
2024an, Gukesh inoiz izan den munduko txapeldunik gazteena bihurtu zen. Bere hurrengo lehia bere adin bereko Sindarov menderatzea izango da. Horrekin batera, sortu berri den eztabaida argituko den ala ez zain geratuko gara. Noiz menderatuko dute Magnus Carlsen generazio berri honetako jokalariek? Eta, gai izango ote da jokalari horietako inor xake munduan nagusitasunez gailentzeko?
Xakearen historian, aldi batzuetan argi nagusitu diren jokalariak izan dira, eta badirudi horrek jendearen artean zaletasuna areagotzen laguntzen duela. Beste garai batzuetan, aldiz, “parekoen artean hoberena” deitu dioten munduko txapeldunak ere izan dira. Eta horrek ere bere onurak ekarri ditu.
Datorrena datorrela, ongi etorria izan dadila.