Nik horregatik atsegin dut, hein batean, urteari zifra aldatzea, egutegiak berak ezarritako mugarri bat izanik ere, jolaserako karta berriak zeintzuk izango diren zirrara hori sentitzera auto-behartu eta partida berriari ekitea.
Gustatzen zait berriz ere abiatzea, jokamolde berriak deskubritu eta berauekin jolastera ikasi behar izatea.
Bestela iruditu arren, bideojokoetan hala guk ere, Mario Brosen antzera badugu-eta aukera pantailetan aurrera egin ahala higatu arren, mundu berrietara heltzekoa.
Izango da jolasa txanpon guztiak jasota bukaerara urraturik egin gabe txukun iritsiko denik. Izango da aurrera egiteko botoitik atzamarrik jaso ez eta arrapaladan, behin eta berriro, leku berean ez jausteko derrigorrean zoria behar duenik ere. Eta bada, nahitaez, onena eman eta ez erortzeko kontuz, amildegi horretan dantzan dabilenik; bukaerara heltzeko letra larriz Game Over irakurri eta urratuen higatzeaz ikasi behar izan duenik.
Eta hala doazkigu urteak.
Niri behintzat, datozkidala saihestu beharreko oskolak eta zomorroak, aldika indartuko nauten onddoak eta ahulduko nauten arantzak, argituko nauten izarrak eta aurka izango ditudan munstroak, urratu nahi ditut bizitzak eta dastatu Game Overrak.
Datorren urtean, atzera begiratuta ikasitakoaz, aurrera begiratu eta jolasaz emozioz gozatzen jarrai dezadan.