Urtaroa

Uda da eta urtaro honek berekin dakarrenez, denak behar du kolorez betea, denak festaz eta alegriaz. Ez lekurik utzi tristurari. Itzalik ez, denak irradiante behar duen bizimodu idiliko honetan. Izan zoriontsu eta elkarbanatu, ez dakit berba esanahi higatuagorik izan dugun hiztegian. Izena eta izana bat joan ohi direla eta, susmoa dut zoriontasun hitzaren higadurak berak ez ote dion izanari efimerotasun eta hauskortasuna ekarri. Eta horretan dihardugu, felizidade horren bila, ahal dela bizkor, posible bada erraz, fragile pegatina gorria Amazoneko kutxatan erosia bailitzan.

Eta zoriona... elkarbanatu, sarri elkarrekin partekatu baino poztasun hauskor hori birrelikatzeko bada ere, ahal dela erakutsi. Norbere burua bizipozaren makillaje hautsez apaintzea ez da inoiz horren erraza izan. Nik ere egina dut hori, aizue.

Isiluneak zarataz betetzen ditugun era berean nahi izaten dugu argia ilundu orduko piztu, isiltasunean zer entzun eta ilunetan zer ikusi badagoela ikastearen nagiaz. Eta hala egin izaten dugu gure zauriekin ere, tiritaz josi eta josi, estalpean ito eta desagertuko diren esperantzaz.

Alabaina, uda aldi bateko kolore eta euforia kapaz estaltzeko baino, izan liteke geruzak kendu eta biluzteko aroa, isiltasunari arreta jarri, iluntasunari so egin eta zauriei erreparatzekoa. Estalitakoa gainazaleratu eta lehortzeko sasoia. Udazkenak tiritak busti eta agerikoa mingarriagoa egin ez dezan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!