Inertziak (I)

Garen lekukoak garelako edo, beti izan dut alternatibak sortzen dituenarekiko halako miresmen bat. Aurretik eginak diren bide horiei bidezidorrak zabaltzen ausartzen direnekiko, erabat onartua dagoena iraultzera jotzen dutenekiko zein grabitatearen aurka jauzi eginez hegan egitearekin amesten dutenekiko.

Miresmen horrek eraman nau sarri —autoterapiarako publikoki aitor dezadan bide batez— nire bideak ere inertziaren kontra egitetik bazuela sinestera. Ai, ni bai inuzente!

Denborak orain horretara eraman nauelako edo bizi naizen lekuan bizi naizelako akaso, bideak nire kontraesanak azaleratzeraino ekarri nau, gogoz kontra, baina nire mesedetan, hara hor.

Ekarri nau ikustera, edozein bide urratzeak, edozer sortzeak, baduela inertziari aurre egin edo bultzaz eraman gaitzan uztetik.

Kantu bat sortzeak baduelako norbera asebetetzearen eta besteren bati gustagarri izatearen arteko borrokatik. Argazkiak ateratzeak baduelako une hori norberarentzat irudian iltzatu behar izatearen eta  sare sozialetan barna erakutsi/konpartitu beharraren arteko talkatik. Hitz batzuk idazteak baduelako norberaren gogoetarako tartea hartzearen eta irakurlearen aurrean momentuko maskara izatearen arteko eztabaidatik.

Zer egin, zertarako, zergatik eta norentzako. Hori argi duenak baino ezin duelako bidezidorrik zabaldu, irauli edota hegan egin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!