Sentsazioa daukat aspalditik anestesia bera, sendagaia baino, ez ote den tipifikatu beharreko epidemia edo gaitz bihurtu. Informazio, datu eta irudi gaindosiak eraginda, Teleberri albistegiak diosku gerretan hildakoekin, etxegabetzeekin zein gose direnekin zenbat segundoz izan behar dugun sentibera. Lozorro honetan, egunkarien esku uzten dugu edozein gairen gainean iritzi bat sortzeko lana, gero guk geure gustukoena automatak bagina lez erreproduzitu dezagun. Anestesiak eraman gaitu bide erraz eta erosoetatik aldentzen dena erreparoz ikustera, edozein errebeldia zein alternatiba bideri atoan eta de facto hegalak moztera. Axolagabekerian eroso gaude dena delako arazoa gertu(egi) ematen ez den bitartean.
Hain da orokorra loaldi sozial hau, ezen gauza ederrekiko sentikortasuna ere desagerrarazi baitigun. Anestesiatu gara bizi garen herrian bizitzearen zori onaz, gure paraje eta inguruak eskaintzen digunaz, jendartearen gaitasun eta indarraz, eta oraindik egiteko daukagun bideaz. Eskerrak eta miresmen handiena, bide batez, emakume eta pentsiodunei, beste behin akuilu izan eta morfinaren gozotasunetik aldentzearren.
Anestesiatuok: berandu gabiltzan arren, gaur ez da egun txarra lo-zakutik ateratzeko.