Haurrak ginela ere eskolan ez zen bestelako jolasik harik eta orri zuria kolorez bete-bete egin artean, espazio txiki bat margotu gabe uztea krimentzat zuen belaunaldikoak gara gu. Ahal zela, zuriunerik ez.
Nagusiagotan jostatzeko uneek ere planifikatuak izan beharra dute kasik zereginez hipersaturaturiko bizi erritmo honetan, ahal dela, pausarik ez.
Etxean bakarrik egon eta telebista zein irratia pizten dugunetakoak gara gu, dezibelioen konpainian bada ere sikeran, ahal dela, bakardaderik ez.
Zerbait zein norbait faltan dugunerako, hortxe dira prest lagunak, tresnak zein baliabideak atoan ordezkagai, zuloa ahalik eta lasterren birbeteta gera dadin. Hemen ere ahal dela, hutsunerik ez.
Argazkiei filtroak jartzeko erraztasun berarekin ikasi dugu egunerokoan maskarak janzten. Nahi dena bistaratu eta behar dena ezkutatzeko asmoz. Ahal dela, biluztasunik ez.
Eta horrela goaz egunetan aurrera, gure betekizunez lepo beteta. Norbere isilune, zuriune, bakardade zein hutsuneekin biluzik topo egin baino, aukeran, ahal dela, nahiago dugu ez.