BAM!

Ikasia dugu leihoek laukiak behar dutela, hala munduak biribila. Ur txorrotak, bestalde, eskura, garbia eta etengabea. Konexioek eta internetek bizkorra izan ezean badugula frustratzeko nahikoa motibo, argia joan ohi denean munduaren akaberan garela sinesteko beste.

Esaten da kantu batek arrakasta izan dezan estribillo itsaskor bat eta hiru minutu eta erdi iraun beharra duela, ez gehiago, ez gutxiago, arren.

Galdera guztiek izan behar dutela erantzun bat, gertatu edo ematen den guztiak motibo eragile bat. Uste dugu, era berean, gure egia dela egia zuzen bakarra, eta gainontzekoenak duela okerretik zerbait. Zuria eta argia direla ona, gaizkia beltza eta iluna diren bezala. Negar egin behar duenak ezkutuan egin behar duela, eta irribarre agerian, miseriak hobe direla ostondu, alegia, eta arrakastak ozen hedatu. Eguneroko agendan, minutu bat galtzeko tarteak berak ezin duela lekua izan gure bizimodu honetan. Eta garai zehatz batean, jakina behar dugula zer nahi dugun guretzat, zein bide urratu hurrengo eta non jarri jomuga. Izan ere, sinetsita gaude ortzemuga begibista luzatzen denak mugatzen duela.

Eta ezustean, BAM! Zein ederra den kolpean molde guztiak hankaz gora jartzen dizkigutenean, berriz puzzlea osatzen hasi behar hori!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!