Gogo txarrak ere badauka onetik

Badira urte batzuk gaixorik edo gogo txarrak jota etxean atsedenean makalaldia noiz/nola pasatu geratu behar izan ez naizena. Egunotan egokitu zait, hala ere, egunerokotasunaz kontratua eten eta lasai hartu behar izatea.

Eta ez dakit adinean gora egin ahala hartzen den perspektibagatik edo, baina gogoaren txarra kenduta, nago gainontzekoan onetik asko dutela horrelako egunek. Eguneroko erritmoaz ezinbestean apurtu beharrak arnas bat ematen du, geldialdi bat ezartzen du, eta eguneroko jardunarekiko distantzia batetik begiratzeko parada. Ikusarazten digute egunok, adibidez, ze indar behar duen gaixotasun luze, gaitz edo kroniko bat kementsu eta irribarrez daramanak. Hotzikara gordinenak eragiten dizkigu gaixo eta ziega baten, (in)justiziaren kondenari 6 hilabeteko bizi itxaropen kondenak gain hartzeak. Balio dute konturatzeko asko dugula ikasteko, 28 egunero pattalaldi bat igaro beharra duen bakoitzaz.

Horrelako egunetan baloratzen dugu zer gauza ederra den ondo egotea, eta halako egunek erakusten digute hobe genukeela txarrik igaro beharrik gabe, berez daukagun horren balioa nabarmentzea. Eta osasunaz gain ere, heda genezakeela hau bestelako esparruetara. Teoria errazegia akaso, praktika gaitzegirako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!