Sinetsarazi nahi digute

Erabiltzailearen aurpegia Antton Uriarte Salterain 2017ko urt. 13a, 08:36

Olentzerok ikusiko gintuenik aipatu ere egin gabe, sinetsarazi nahi ziguten zintzoak izan behar genuela, beraiek nahi eran ezarririko arauekin eta bidetik jo behar genuela (goiko jaunak, lege zaharrak), eta horixe, guztia berez etorriko zela, erraz eta emana.

Sinetsarazi nahi digute, baita ere, gerrek teleberrietan adina egun irauten dutela munduan, eta gero beti dator futbola. Bide batez, gabonetako lagunarteko bat aski dela kirolean nazio ofizialtasuna behingoz lortzeko, hori ere onar dezagun nahi dute.

Ostras, eta irratia! Jaso dezakegun eskaintza musikala reggaetoi eta top gazteako momentuko euskal kantuetara (trikitixa edota tronboiekin bada, hobe!) mugatzen dela pentsa dezagun gura dute.

Bestalde, urtea espainolez mintzoaz emanda ere, abenduaren 3ak, txantxangorri batek eta bi urtean behin herri bueltan Korrikan ateratzeak euskara salbatuko duela sinetsi dezagun nahi dute.

Gainera, urte hasiera guztietan sinetsarazi gura digute gure herrian mugitzeko beharrezkoak direla autopista gero eta garestiagoak zein tren laster garestiegiak.

Eta sinetsarazi nahi digute euren zain izan behar dugula, gure herrian aurrerabiderik bada, euren eskutik datorrena baino ez dela izango. Sinetsarazi gura digute ez dela behar Bilbo jendez lepo bete eta beste urtebetez giza eskubideak urratzen direla ozen erakustea, nahikoa dela teleberrian entzun eta sofatik ikustea (tarterik eskainiko badiote).

Eta gaitzena da, gainera, sinetsi ere egingo dutela hori dena sinetsarazten digutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!