Ez ginen itxaroteko jaio

Erabiltzailearen aurpegia Antton Uriarte Salterain 2016ko eka. 17a, 08:30

Udan sartzeaz batera, ikasturtea bukatu eta sarri egiten da atzera bistaz errepasoa. Eta ez uste, horretan ere, autokritikatik baino konformismotik daukagula esango nuke. Aurreikusitako ideiak, ametsak eta asmoak galbiderantz bifurkatu izanari beti aurkituko diogu pisuzko arrazoi bat, edo asmatu. Ze demontre, gure burua zuritzeak hori (ere) merezi du.

Eta zikloa berreraikiz, ñabardurak gorabehera, gure bide zaharberritu horri ekingo diogu berriz, hasierako puntu beretik. Sinestarazi zigutelako bazela bide bat, aski zabala burujabetasun autokonplaziente bat izateko bestekoa. Ikasi genuen jator eta esker oneko izaten, datorrena datorrela hartu, eta bere horretara gure burua lekutzen. Inkonformismoa, bide batez, dosi txiki eta difuminatuetan aireratzen. Eta ondoren letorkez zoria, jainko-jainkosak edota destinua, zientziak egundo azaldu ez dituenak azaltzeko hiztegiak ahalbidetzen dizkigun betaurreko opako horiek. Hona zerk ekarri gintuen erantzuten ikasiko dugu horrela, hona zergatik eta zertara etorri nahi genuen ikusi beharrean.

Hortaz, nahi duzuenean eta nahi duzuela, hitz egin genezake patuaz, denboraz edo tokiez. Egindakoaz, hanka sartzeez eta erabakiez. Eta  jakin beharko genuke aski gai garela gure bidea urratu eta gure espazio propioa sortzeko, denborak bakoitza bere lekuan jartzen omen duen arren, ez ginen jaio eta itxaroteko!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!