Ezohikoen herrian

Jon Maiak, orain ez denbora asko, iragarri zigun “negua joan da ta”, joan zela. Udaberria hasi berritan, eta ikusirik negua ezohiko joan dela, pensatzen hasia naiz ez ote garen ezohikoen herrian bizi.

Izan ere, gu jada ez gaituzte asaldatzen albistegietako miseriek, gerrek edota (lan)istripuek. Ohitu gara, lanik hutsalena lortzeko, curriculumean karrera, masterra eta gutxienez hiru hizkuntza islatu beharraz, Lehendakariak azalpenak noizbehinka euskaraz irakurtzearekin (“jakin badakigu” lar komunikatiboa ez dela tipoa) konformatzen garenean.

Arruntak dira gurean, gimnasioko bizikleta eta zinta estatikoak izerditzera kotxez hurbiltzeko daukagun joera, edota Alde Zaharretik paseatzeko kirol arropa teknikoenaz jantzi behar hori.

Autostopean jasotako hiru gazte katalanek itaundu zidaten aurrekoan, eskuzabal eta solidario ospea dugun gure herrian, ea normala den Elorriotik Durangora joateko ordu erdi luzez zain egon beharra, bost plazako kotxean gidaria bakarrik joateko ohitura horrez gain (arraroa ez, itxuraz). Atentzioa ere eman zidan, aurrekoan, Yago gaztearen kiroltasunezko jarrerak espainiar zein gure komunikabideetan izan zuen oihartzunak, bide batez.

Gauzak honela, ohikoa behar lukeena notizia den garaiotan, eta ezohikoa errutina, onetik ere baduenez asko, ea behintzat kuadrillan “maite zaitut” esan eta musu emateko ohitura hartzen dugun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!