Aje kulturala baino ez balitz...

Gomendagarri ez da izan ohi... baina noan erlauntza zirikatzen ahalegintzera. Eta nahi duenak zizta nazala; ondo etorri, erle hotsa!


Azoka egunen ajeak gobernatzeko izaten den aste honetan, nago biharamunak gurean badauzkala hamaika aurpegi. Ai... aje kulturala baino ez balitz!

Egunotan (urteko gainontzeko larunbat edo parranda egunak sartzea ere balekoa litzateke) gauez tabernetan izan denak -gure sozializazio plaza nagusiak dira, bide batez-, ikusi ditu barrak jendez lepo; tabako usaina jantzita etxeratu gara, eta komun ultrapopulatuetan pixa egiteagatik rara avis sentitu. Jakin nahiko nuke euskal argitaletxeek baino zenbat diru gehiago mugitu duen trapitxeroak azken astean.

Ez gaitu kezkatzen orotariko drogak (tabakoa eta alkoholetik hasita), eguneroko ogi izatea ez da guretzat arazo, biharamunak (ez soilik literalak!) ez du gurean ardura, eta gustura bizi gara askatasun dependientean. Ez dakit burujabetza kolektiboaren gaiarekin itsutu, eta darabilgunaren erabilera burujabeaz ahaztu ote garen.

Izango naiz atzerakoia edota zuzentasunaren abanderatua askoren begietan, baina kate eta arauak apurtzearen fan garen jendarte honetan, ez dakit borondaterik legoken sozializazioari erroturiko asoziazioen tabua mahai gainera ekartzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!