Aldaketa garaia

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2021ko ira. 17a, 08:30

Uste dut nahiko konfirmatuta dagoela dagoeneko, ezta? Gerra aurreko eta osteko gertakizunekin pasatzen den moduan, bihar-etzi, gurean, pandemia aurreko gauzei eta pandemia ostekoei buruz berba egingo dugu. Esango dugu Zaldibarren justu pandemia hasi baino lehentxoago jausi zela hondakindegia; Durangon Pinondo Etxea zabalik eta bizi-bizirik zegoela pandemia aurretik; eta Elorrioko jaietan San Josen bake-bakean ziren gazteak bisitatzera joan zela Ertzaintza, helduagoek egunez egiten zutena egiteagatik.

Kontatuko diegu gure ondorengoei egoera surrealista asko bizi izan genituela pandemia garaian, eta ikasi genuela zein garrantzitsuak ziren aurrez aurreko hitzorduak medikuarenean; zenbat behar genituen gurasoen aurrez aurreko besarkada eta musuak, zein arraroa zen jendea ukondoarekin agurtzeko moda eskas hura.

Nik neuk gertaera gogoangarri asko bizi izan ditut urte eta erdi honetan. Aurtengo udaberrian, esaterako, gure kuadrillan lau ume jaio dira, tartean, gure txikia. Eta bai, definitiboki, Elorriotik Urola aldera egin dut hegan, gure herri maitetik deserroldatu naiz. Horregatik, itxiera perimetralak tarteko, haurdunaldiko eta umearen lehen asteetako joan-etorriak legez kanpo egin nituen; edo agian ez, egin zitezkeen ezinbesteko mugimenduen parte ziren horiek, zer demontre.

Horregatik, irakurle, Anboton azken zutabea idaztea erabaki dut. Aldaketa garai hauetan, beste aldaketatxo bat. Egunero-egunero Durangaldea bizi duzuenok jarraitu txoko hauek hausnarketaz betetzen! Hori bai, ez ahaztu, Elorrixokuak beti izango gara elorriar, berdin Durangon zein Azkoitian bizi.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!