Unga-unga

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2021ko api. 14a, 08:30

Paseoan genbiltzala topatu genituen hiru lagunak, eta euren planaren berri eman ziguten; taberna baten bazkaldu zuten, baina leku lasaiago batera mugitzea erabaki zuten arratsaldean, euren berbetan taberna hartan “unga-unga giroa” nabaritzen hasi zirelako. Realak eta Athleticek jokatutako kopako finalaren eguna zen.

Futbolaren aitzakian parranda asko bota izan da gure herrian, eta hori gauza normala izan da; normala zen, lehengo bizitzan bai. Orain, asteburuetako adrenalina dosia oso deskafeinatuta dute futbolzaleek, eta ulertzen dut horrelako ekitaldi baten beharra izatea: ilusiogarria den zerbait bizi.

Baina pasatu egin zarete. Pasatu egin zara, EITB. Partiduaren aurretik itzelezko publizitate zaparrada jasan behar izan dugu; gurea bai ala bai, Euskaltel, Kaiku, Kutxabank eta Eroski. Kirola lantzen ez zuten saioetan ere gaia aterata, besterik ez zen, giroa berotzen. Eta gero harrituta eta eskandalizatuta agertuko zaizkigu Klaudio Landaren tertulian, futbolzale tropak Lezama eta Zubieta kanpoan pilatutakoan.

Batzuetan pentsatzen dut pandemiak zahartu egin nauela, serioago bihurtu nauela. Buruak katakrak egiten dit sarritan: Aste Santuan pandemiari aurre egiteko neurri berriekin Elorrio eta beste hainbat herri itxi zituztelako, Europako turistak etorri ahal izan diren artean. Koparen bueltan izandako jarrerak baino askoz suabeengatik isun potoloak jartzen ari delako Ertzaintza, sarritan handikeriaz eta boterekeriaz.

Nik ere egin gura dut unga-unga apur bat berandu baino lehen, baina ez nago prest. Eta ingurua ere ez dut prest ikusten, komunikabideetatik izu-mezuekin tartekatuta baietz esaten badidate ere. 

Asteburu honetan, beste bat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!