Ikasten

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2021ko ots. 16a, 09:06

Margotzen ikasteko tailer batera apuntatu naiz. Beti erakarri izan nauen kontu bat da: Elorrion, kale margo lehiaketa egoten denean, esaterako, ederra izaten da margolariekin herriko hainbat txokotan topo egitea, euren alboan jarri eta apurka-apurka paisaia zelan osatzen duten ikustea. Eta probatu nahi nuen.

Hasi naiz margolan bat landu guran, eta uste baino pazientzia eta denbora gehiago beharko dudala konturatu naiz. Hala ere, maisuak lasaigarria den kontu bat errepikatzen digu maiz: trankil ibiltzeko probak egiten; gero beti izango dugulako aukera gainetik beste modu batera edo beste kolore batzuekin margotzeko. Gaur ez bada, datorren astean asmatuko dugula, edo hurrengoan.

Ikasketa prozesu gehienetan horrela izaten dela esango nuke, probak eginda ikasten dugu. Biolina ikasten hasi denak oso soinu desatseginak jotzen ditu hasieran; bertsotan hasten dabilenak kantuan hasi orduko denbora asko behar izaten du pentsatzeko, eta bertso txar asko kantatu beharko ditu bere ibilbidean; kotxeko karneta ez dugu denok lehen azterketan atera.

Ederra litzateke gure buru barruan bizi den epaile txikia oporretara sarriago bidaliko bagenu; askeago sentituko bagina gauza berriak egiten hastean; oraindik deskubritu ez dugun gure gaitasunetan gehiago sinistu eta beldur gutxiago bagenu erronka berriei ekitean.

Albiste gris eta etsigarrien garaiotan horixe opa gura dizuet: gauza berriak deskubri ditzazuela; harritu ezazue zeuen burua, ikasi besteengandik, zuen erritmora, duzuen adina duzuela. Bidean frustratu egingo gara agian, baina gure esku egon daiteke beste margo batzuk nahastu eta bizitzari kolore hobe bat ematea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!