Euskararen konpasean

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2020ko aza. 3a, 08:30

Lanetik etxerako bidea irribarre batekin egin dut kotxean. Arratsaldetan Radio Euskadi jartzeko ohitura dut, Graffiti saio freskoak laneko nekea arintzen laguntzen didalako. Sintonizatu dut, eta, hara non, Galder Perez aurkezlea eta Miren Narbaiza kolaboratzailea euskaraz entzun ditudan.

Musika lengoaiari buruz eta konpas motei buruz ibili dira berbetan, eta elkarrizketan, oso natural aritu dira gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara saltoka. Azaldutakoa praktikan jartzeko, abestiak ipini eta konpasak elkarrekin kontatu ditugu: “bat-bi-hiru-lau, bat-bi-hiru-lau”; eta ez, ez dute “un-dos-tres-cuatro” esaten izan. Narbaizak ekarritako hainbat kanta, gainera, euskal taldeenak izan dira, eta, bide batez, erreferentzia euskaldunak zabaldu dituzte Radio Euskadin.

Euskarazko hedabideak kontsumitzeko ohitura dugunok —bai, kultura sailburuarentzat politikoki lerratuegiak diren horiek— badakigu zein garrantzitsuak diren gure errealitatea euskaraz eta euskaratik ulertu ahal izateko. Informazio gaindosiaren aroan hankak lurrean ipini eta gertukoaz informatzen, ikasten eta gozatzen laguntzen digute, gure hizkuntzan.

Kargua hartu berri duen EITBko zuzendari nagusiak, ostera, ez du euskara menperatzen. Eta hori horrela izanda, euskaraz eta euskaratik jardungo duen kalitatezko telebista publikoaren zain jarraitu beharko dugula dirudi. Bada, ez ote da konplexurik barik jokatzeko ordua heldu? Inbertitzekoa, azpitituluak jartzekoa, irrati eta telebista publikoetan euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan entzutekoa?

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!