Udan, haizea ahal zela musukorik barik hartzeko planak egin ditugu, herri txikietara joan gara, aire librean jateko elkartu, mendi aldera ihesi joan.
Eta udazkenean, planen alfabetoa etorri da. Kontingentzia planak, protokoloak, A, B eta C planak: “momentu honetan daukagun informazioarekin” hartu ahal diren erabakiak; “denok egon beharko gara tarte batez etxean” eta “ea bihar zer”.
Ni neu konturatu naiz lana planifikatzeak lasaitasun moduko bat ematen didala. Beharrezkoa zaidala, eta beharrezkoa dela alor askotan: hezkuntza komunitateak behar du segurtasun apur bat gehiago; kultur eragileek agenda aurretiaz lotu behar izaten dute; bertso txapelketak edo Korrika lako ekitaldi handiak hilabete asko lehenago hasten dira diseinatzen. Euskaraldia ere etorriko da hasi berri dugun udazken honetan. Zelan moldatuko garen ekintzok egiteko? Nork jakin!
Plangintza eta kronogramen munduan carpe diem esaldia praktikara eroatea egokitu zaigu. Gaur, gaurkoa, eta bihar, ikusiko da. Animo, A, B eta C planak pentsatzen buruari inoiz baino gehiago eragiten ari zareten denoi. Gogoratu zer esaten zuen Gu ta Gutarrak taldeak: “Bizitza da bakarra ta soilik ei ditu bi bide, preso bizi gintezke edo erdi libre”.