Maskaren atzean

Erabiltzailearen aurpegia Amaia Ugalde Begoña 2020ko uzt. 17a, 08:32

Horrelakorik! Duela hilabete batzuk, Tokio aldean jendea hipokondriaz bizi zela uste nuen maskara jantzita ibiltzen zirelako metroan, eta orain, ez dakigu noiz arte, ia edonora joateko jantzi behar dugu musukoa. Ohiko bihurtuko da gure kaleetako paisaian; praka motzekin, sandaliekin, eta eguzkitako betaurrekoekin, udan soinean eroateko beste elementu bat.

Bada, konturatu naiz zein lasaigarria den pertsonen aurpegi osoa ikustea; aurrekoen begiez gain ahoko espresioa ere agerian izatea zein beharrezkoa dudan besteak hobeto ulertzeko. Aurpegiko 43 muskuluen bidez adierazten dugu gustura gauden edo nekatuta, transmititu dezakegu ondokoak esan duenarekin ados gauden edo lelokeria bat iruditzen zaigun, eta maskara jantzita zailagoa da begirunea, lasaitasuna edo kezka transmititzea.

Azken asteotan mitinez mitin ibili diren politikariek mikrofono aurrera heldutakoan kendu dute maskara. Maskaretako bat bai, kendu dute; beste bat izaten baitute soinean, eta ez da belarrietatik helduta jartzen diren horietakoa. Musuko ikusezinen babesean, autoestimu handiko pertsona bihurtzen dira, autokritika bako kudeatzaile, beti arrazoia duten predikari.

Katamalo horiek jantzita ezin dira, adibidez, honelakoak esan: “okertu egin nintzen”, “ez dugu beti asmatu”, “egoera honek gauza asko ikastera eroan gaitu, eta hemendik aurrera erabaki zuzenagoak hartuko ditugula uste dugu” . Eta uste dut, tarteka, horrelako esaldiak entzuteko premia daukagula. Politikariek maskara erantzi eta atzean duten aurpegiera ikusiko bagenu, orduan bai, izango lirateke sinesgarri.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!